Baietz 40 egun euskaraz

2016ko Uztailak 15, Ostirala

Aurten Lasarte-Orian ez dugu Euskararen 9. Maratoiko biharamuna igarotzeko astirik izango. Izan ere, Euskararen Maratoiaren barruan apustu berria jarriko baita martxan, Baietz 40 egun euskaraz! Asteartean aurkeztu ziren erronkaren nondik norakoak eta herritarren parte hartzea berebizikoa izango da. Anima zaitezte!!! Izan Ahobizi edo Belarriprest!!!

Euskaraz ulertu behintzat egiten duten herritar guztiak gonbidatuta daude urriaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko den Baietz 40 egun euskaraz! erronkan parte hartzera. Asteartean egindako prentsaurrekoan adierazi zuten modura, Udaleko eta Ttakuneko ordezkariek, Euskararen Maratoiko zortzikoteak eta herriko euskaltegi eta ikastetxe guztietako ordezkariek herritar guztioi jotzen dieten herri-erronka bat da Baietz 40 egun euskaraz! apustua.

Armairutik irteteko erronka honek iraungo duen 40 egunak 6 astetan banatu dira. Belarriprestek, erronkak dirauen 6 astetan jokatuko dute Belarriprest gisa. Ahobiziek, berriz, astebeterako ematen dute hitza.

Armairutik irten?
Gure gaztelaniazko hizkuntza ohituretatik ateratzea eta hizkuntza portaera euskarara ekartzea da armairutik irtetea. Hori oinarri hartuta erronkan parte hartzeko bi aukera daude, Ahobizi edo Belarriprest izatea.

Ahobiziak euskarazko jokaera aktiboa hartuz, armairutik aterako diren herritarrak dira. Astebetez, euskaraz egingo diote ulertzen duenari, bai ezagunei, baita ezezagunei ere. 
Bakoitzaren erronka-astea hasi aurretik, izena eman duten Ahobizi guztiak bildu egingo ditu antolakuntzak. Identifikazio txapa emango zaie, eta erronkari ahalik eta erosoen heltzeko, aholku batzuk ere prest izango dira. 

Belarriprestei dagokienez, Ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adierazten duten herritarrak dira, hau da, dakienari euskaraz aritzeko gonbitea egingo diotenak. 

Euskararen Maratoiaren asteburuan txapa bat emango zaio bakoitzari, Belarriprest dela adierazten duena. Txapa hori soinean eraman beharko du sei astez, erronkak irauten duen bitartean, hain zuzen.

Erronka aurrera eraman ahal izateko 300 bat  Ahobizi eta 3.000 Belarriprest behintzat behar dira.

Erronkan parte hartu
Erronkan parte hartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira. Lehendabizikoa, Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea. Bigarrena, 16 urtetik gorakoa izatea (2000. urtean edo lehenago jaioa izatea) eta hirugarrena, izena ematea.

Azken pauso hau aurrera eramateko, bi era daude: diptikoa edo webgunea. 

Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duten herritarrek diptikoak eskura ditzakete udal eraikinetan, Ttakun KEko bulegoan, ikastetxe eta euskaltegi guztietan; herriko hainbat komertziotan ere izango dira datozen egunetan. Betetako diptikoak jasotako puntuetan entregatu ahal izango dira.

Izena digitalki ere eman ahal da. Horretarako, 40egun.euskararenmaratoia.eus helbidean sartu eta Ahobiziren edo Belarripresten formularioa bete besterik ez da egin behar. Argibide gehiago ere (FAQ) webean bertan topa daiteke.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, harremanetan jartzeko baliagarriak diren eremuak bete behar dira: izen-abizenak, jaioturtea, e-maila eta telefonoa. Izan ere, erronka hasi baino lehen Udala harremanetan jarriko baita Ahobiziekin. 

Era berean, Ahobizien izena ematea Euskararen Maratoia baino lehen egitea gomendatzen dute.

Hau guztiaz gain, izena emate kopurua nola dagoen jakin ahalko dela aurreratu zuten. Udaletxeko balkoian Belarrimetroa eta Ahometroa ezarriko dira. Hauetan urria bitartean, zenbaki eguneratuak egongo dira ikusgai.