Lasarte-Oria armairutik irtengo da

2016ko Maiatzak 13, Ostirala

Euskararen 9. Maratoian urriaren 22 eta 23an izango da. Lasarte-Oriako euskalgintzak protagonismo berezia izango du aurten. Lehenengo maratoiko erronka euskararen jaialdi handia bihurtu da eta beste apustu bat dute antolatzaileek, 40 egunez euskaraz.

Lasarte-Oriako elkarte ezberdinetako ordezkariez gain, Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan ziren asteazkenean Euskararen 9. Maratoiaren aurkezpenean.

Jesus Zaballos alkateak eta Jon Antxordoki Euskara Batzorde buruak Lasarte-Orian aurten euskalgintzaren barruan urteurrena ospatzen duten elkarte eta erakundeak zoriondu zituzten.

Zaballosek gainera herritarrak zoriondu zituen, “denon artean bide zail bezain polita, eredugarria ere bai esango nuke, egiten ari gara. Gure hizkuntza gure artean ulertzeko hizkuntza baita gero eta gehiago, eta pixkanaka-pixkanaka elkarrekin bizitzeko hizkuntza ere egiten ari baikara”.

Antxordokik “erreferentzia bat bihurtu da Lasarte-Oria Euskal Herri osoko euskalgintzaren barruan” azpimarratu zuen.

Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak ere hartu zuen hitza. Duela lau urte, 8. Maratoia amaitzean Lasarte-Oriaz harro zegoela esan zuen eta harrotasun horrek irauten duela adierazi zuen. Honetaz gain, herritarrak euskara erabiltzera animatu zituen.

'Irten armairutik'

Aurtengo leloa 'Irten armairutik' eta irudia armairu aurkeztu zituen Naiara Mujika Ttakuneko kultura arduradunak. "Oraindik ere bada gure egunerokotasunean lortu beharreko erronka bat, ezagutzatik erabilerara salto egitearena. Nahiz eta gero eta lasarteoriatar gehiago garen euskara ezagutzen dugunok, oraindik ere ez gara hainbeste ohituraz euskaraz aritzen garenak," azaldu zuen.

"Egun gizartean berezko zentzua duen esamolde bat geure egin dugu, 'Armairutik irtetea' homosexualitatearen aitortza publiko eta borondatezkoari erreferentzia egiteko erabiltzen den bezala, euskal hiztunok ere ahalduntze hori arlo linguistikora ekartzeko garaia dela iruditzen baitzaigu: konplexurik gabe, harrokeriarik gabe, geure buruaz eta geure hizkuntzaz harro," azpimarratu zuen. 

Era berean, "leloari erreferentzia eginaz, armairua litzateke aurtengoan aukeratu dugun irudia. Bertan ikusgai daukagu jendeak armairutik ateratzeko duen irrika. Eta nola ez, hau gauzatzeko maratoia baino plaza hobeagorik ez da," atxiki zuen.

Maratoia sarean

Hau guztiaz gain,  aurkezpenean aipatu zutenez, www.euskararenmaratoi.eus webgune berritua ere martxan dago. Bertan 9. Maratoiko informazio guztia txertatzen joango dira, baita izena emateak ere.

Sare sozialetan ere jarraitu ahalko da Euskararen Maratoiko atzerako kontua.

Erronka berria

Eta hau guztia gutxi ez balitz, Euskararen Maratoiko 40 orduak gaindituta, herriari erronka berri bat botako diotela jakin arazi zuten, 40 egun euskaraz.

Erronka honen arduradun EHUko Pello Jauregi izango da eta ikerketa bat ere eramango du aurrera. Hau Foru Aldundiak babestua izango da. 

Joxean Amundarain Foru Aldundiko Euskara Normalkuntza zuzendaritzako kideak Lasarte-Orian euskararen alde lan handia egin dela azpimarratu zuen. Urte hauetan guztietan, Udal Euskara Batzorde edo Ttakun kultur elkartea hainbat proiektutan bidelagun izan dituztela ere jakitera eman zuen eta Uraleko Euskara Zerbitzuak proiektu berri hau aurkeztean dudarik gabe babestuko zutela erabaki zuten. 

Abestia eta bideoklipa

Hau guztiaz gain, 40 orduetan dinamizazio lanak egingo dituen zortzikotea ere jakitera eman zen noski. 

Joxe Mari Azkonobieta, Agus Mujika, Joxe Mari Agirretxe, Rebeka Garzes, Estitxu Garmendia, Mikel Izquierdo, Enara Ieregi eta Oihana Fu Otaegi izango dira oholtza gainean izango diren herritarrak.

Zortzikoteak aurtengo abestia eta bideoklipa aurkeztu zuen. Herriko pailazoen 'Egiozu euskaraz' abestia da. Pailazoek Maratoiari utzi eta zortzikoteak abestu eta dantzatuko du 40 orduetan zehar aurreko maratoietako abestiekin batera. Bideoklipean egunero suertatu daitezkeen egoerak ikusten dira.

Abestiari esker, ekitaldira hurbildu ziren guztiak dantza jarri zituen zortzikoteak. Era honetara, amaiera emango zitzaion aurkezpenari.

Iturria: TXINTXARRI