IRTEN ARMAIRUTIK!

Hau da 9. Euskararen Maratoirako aukeratu dugun leloa. Aurtengoa urte berezia dugu Lasarte-Orian: bereziki euskalgintzako eragile eta elkarte askok urteurren borobilak betetzen ditugu – Euskararen Maratoiak berak 30 urte betetzen ditu- eta adierazle hau oinarritzat hartuta, Lasarte-Orian azken urteetan euskarak izan duen bilakaerari erreparatu diogu. Atzera begirako bat eginaz, nabarmena da euskararen ezagutzak herrian izan duen gorakada.

Baina hizkuntza ezagutzeaz gain euskaraz aritzeak egiten gaituenez euskaldun, erabilerari dagokionez oraindik hankamotz gabiltza. Ohitura, lotsa, “erraztasuna”, aurreiritziak... auskalo zein arrazoiengatik, egunerokotasuneko hainbat egoeratan gaztelania lehenesten dugu.

Ahulgune hau ardatz hartu eta gainditzeko asmoz, ahalduntzearen ikuspegitik bideratu nahi izan dugu 9. Euskararen Maratoia. Gure gizartean berezko zentzua duen esamolde bat geure egin dugu, -Armairutik irtetea- homosexualitatearen aitortza publiko eta borondatezkoari erreferentzia egiteko erabiltzen den bezala, euskal hiztunok ere ahalduntze hori arlo linguistikora ekartzeko garaia dela iruditzen zaigulako: konplexurik gabe, harrokeriarik gabe, geure buruaz eta geure hizkuntzaz harro.

Beraz, lasarteoriatarrok, ekin euskarari eta IRTEN GAITEZEN ARMAIRUTIK!

Erronka

Euskararen Maratoia 1986. urtean jaio zen, erronka batekin: 40 ordu baietz! Garai hartan Lasarte-Orian apustua zena aspaldi gainditu dugu. Baina oraindik euskararen normalizazio prozesuan aurrera pausuak ematen jarritu behar dugunez, erronka berritu bat luzatu nahi izan dizuegu, Euskararen Maratoitik Euskararen Egunera bitartean dauden 40 egunetan. Euskalduna ahalmendu, euskahaldundu eta egunerokoan orain baino gehiago euskaraz egitera lagunduko duen erronka. Aldi berean, pertsonala eta kolektiboa den erronka. Mugak gainditu eta helburu berriak lortzera eramango gaituena.

Gai izango ote gara lasarteoriatarrak 40 EGUN EUSKARAZ aritzeko?

Ikerketa-ekintza

Erronka, ordea, bihotzarekin ez ezik, buruarekin ere egin nahi dugu, berau neurtu ahal izateko eta horrek herritarren ohiko hizkuntza ohituretan izan ditzakeen ondorioak ere aztertzeko.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren laguntzarekin, EHUko Pello Jauregi Etxaniz doktoreak zuzenduko du ikerketa-ekintza hau.