SENTITU, PRESTATU ETA EKIN!

Aurten inoiz baino gogotsuago ospatuko dugu X. Euskararen Maratoialdia. Bai, Maratoialdia, Maratoia eta Euskaraldia, biak elkarrekin uztartu nahi izan baititugu.

Aurreko edizioan Lasarte-Oriako euskal hiztunak ahalduntzeko ariketa proposatu genuen, hau da, “Armairutik irtetea” proposatu genien lasarteoriatarrei, euskaldunok konplexurik gabe, gure buruaz eta hizkuntzaz harro sentitzeko. Horretarako sortu genituen Ahobizi eta Belarriprest figurak, eta figura horien bidez, Euskal Herri osoko beste euskaldun askok beren ahalduntzean aurrerapausoak egin dituzte Euskaraldian.

urratsak eginak baditugu ere, oraindik bide luzea dugu gaztelania lehenestera garamatzaten ohitura, lotsa, aurreiritziak... alde batera uzteko. Horregatik, aurten, lasarteoriatarren ahalduntze-prozesuan bidelagun izaten jarraitu nahi dugu eta horretarako 42 eguneko Maratoialdia antolatu dugu. Hiru fasez osatuta egongo da eta fase bakoitzaren izenez osatuta dago, hain zuzen, aurtengo leloa: Sentitu, Prestatu… ekin!

Sentitu! Euskaraz gehiago hitz egiteko motibazio-kolpea jasoko dugu Maratoian urriaren 22an eta 23an.

Prestatu! Urriaren 24tik azaroaren 17ra, hizkuntza-asertibitatean entrenatuko gara kolektiboki, hizkuntza-ohiturak aldatu eta konplexuak alde batera uzteko.

… eta ekin! Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskal Herri osoan Euskaraldia ospatuko da, Lasarte-Orian ere bai. Behin motibazioa landuta eta gure burua prestatuta, euskaraz hitz egiteari ekiteko garaia izango da!

HARREMANETARAKO
  • Ttakun Kultur Elkartea
  • Geltoki kalea 4, 20160 Lasarte-Oria
  • 943 37 14 48 - kultura@ttakun.eus