Zer da ?

Euskararen Maratoia lasarteoriatar askok euskaldun izateko dugun nahia sinbolizatzen duen jai bat da. 1986an hasi eta lau urtez behin egiten, ospatzen, dugun jai bat. 40 ordu, etenik gabe, irauten duen jai bat. Eguneroko maratoia, benetakoa, elikatzen laguntzen digun jaia. Euskararen Maratoia larunbatean goizeko 8:00etan hasten da eta igandean gaueko 12:00etan amaitu. Bitartean, maratoia 5 minutu baino handiagoko isilunerik ezin izan dezakeen etengabeko mikrofono bat da. 40 orduak herriko plazan hezurmamitzen dira eta oholtza zortzikote batek dinamizatzen du, umorea ardatz duten ekitaldiak berariaz prestatuz eta herritarrek prestatuta dituzten emankizunei bide emanez (parte hartzeko baldintza da Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea). Maratoiaren ardatza euskara da eta bere baliorik kuttunenetakoa, berriz, herriko euskaltzaleak, beren tira-bira ideologikoen gainetik, jaiaren inguruan biltzea. Maratoia da, korritu gabe, oso ongi esplika ezin daitekeen zerbait.

Nor gara ?

Euskararen Maratoiaren antolatzaile ofizialak Ttakun Kultur Elkartea eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskarako Batzordea dira. Ttakunek dinamizatzen du Maratoia eta Udalak jartzen ditu baliabideak. Hala ere, Maratoia, bere printzipio nagusiei jarraituz, lasarteoriatarrek egiten dute. Beti izan da Maratoiaren helburua ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eta, horretarako, aparteko partehartzea dute herriko elkarteek. Izan elkarte gastronomikoak (jan-edanak prestatuz), izan kirol-arlokoak (kirol probak prestatuz), izan musika eta kantuari lotutakoak (abesbatzak, musika-eskolak...), izan auzo-elkarteak, izan ikastetxeak, euskaltegiak... Izan, izan, Euskararen Maratoia, Lasarte-Oriako herritarrak gara.